Skip to content
Search
Close this search box.
Search
Close this search box.

Uharteko espazio eszenikoa

Uharteko espazio eszenikoa

Hurbilago! Udalak Uharterako espazio eszeniko berri bat idazteko proiektua aurkeztu du.

Uharteko Udalak esleitu du Uharteko egungo kultur beharrizanetara egokitutako balio anitzeko espazio eszeniko berri bat idazteko proiektua.

Proposamen irabazlea GARMENDIA CORDERO ARQUITECTOS S.L.P.k eta JOSEP FERRANDO ARCHITECTUREk batera aurkeztutakoa izan da. Biek esperientzia handia dute jendeari irekitako eta mota guztietako jardueretarako (kirola, hezkuntza, zuzkidura…) eraikinak diseinatzen.

Kontratua 220.459,69 euroan (gehi BEZa) esleitu da, Oinarrizko Proiektua eta Proiektua Gauzatzeko Proiektua idaztea eta, hala badagokio, Eraikuntza Obren Zuzendaritza Fakultatiboa idaztea barne. Horretarako, Udalak Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren laguntza izan du, eta 100.000 eurotan finantzatu du proiektua.

Proposamen irabazleak eraikina Mokarte plazaren hegoaldean eraikitzea aurreikusten du, Zubiarte kaleko espaloiaren ondoan. Ataripea da bere alderdirik nabarmenena (hortik dator “Atariak” proiektuaren izena), eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko interakzio-espazio bat eskaintzen duena, eta San Juan elizaren ataripearekiko komunikazio bisual bat.

Horrekin batera, proiektuak Udalak zituen moldakortasun eta funtzionaltasun nahiak betetzen ditu eta, gainera, lotura erraz eta praktikoa sortuko du egungo Zubiarte eraikinaren eta etorkizuneko espazio eszenikoaren artean.

Horregatik guztiagatik, Udalak oso positibotzat jotzen du esleitutako proiektua, bai eta proiektu horrek uhartear guztiei eskaini ahal dizkien erabilera berriak edo kalitatea hobetzeko aukerak ere.

Nolanahi ere, Udal honek onartzen du gaur egun ez duela baliabide ekonomiko nahikorik eraikina eraiki ahal izateko, eta konpromiso sendoa agertzen du, gaurtik bertatik, espazio eszeniko hori errealitate bihurtzeko behar den finantzaketa bilatzeko.

Proiektuaren deskribapen xaflak hurrengo asteetan Kultur Etxean ikusgai egongo dira.

 

Partekatu:

ALBISTEAK
AZKEN BERRIAK
GAIAK