Pasa den ekainaren 2an, Uharteko Ugarrandia Kiroldegian 65 eta 96 urte bitarteko ehun Uhartear inguru bildu zituen, osasun, gizarte eta kirol arloetako profesionalekin batera.
Ekimen hau jarduera fisikoaren eta zahartze osasuntsuaren arteko erlazioa aztertzen duen Europako ikerketa baten barruan kokatzen da. Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko, Uharteko Osasun Zentroko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntza Fakultateko profesionalek parte hartu zuten jardunaldian, baita udaleko Kirol Zerbitzuko arduradunek eta Uharteko Udaleko ordezkariek ere, besteak beste, alkateak, kirol zinegotziak, dinamizatzaile komunitarioak eta Gizarte Zerbitzuetako langileek.
Autonomia Sustatzeko Zerbitzuko eta ALPA Eguneko Zentroko profesionalek ere parte hartu zuten, baliabide horien erabiltzaileek lagunduta.
Goizean zehar, hainbat proba egin ziren parte-hartzaileen hauskortasuna eta gaitasun funtzionala ebaluatzeko. Horrez gain, norberaren burua zaintzeko ohiturei buruzko ezagutzak partekatu ziren, erritmo alaiak zituzten jarduera fisikoak egin ziren, eta eguna amaitzeko, mokadu osasungarri batez gozatu zen.
Antolakuntzatik Uharteko bizilagunen parte-hartze bikaina, inplikazioa eta gogoa azpimarratu eta eskertu nahi da. Era berean, udalerriko adinekoak Kirol eta Autonomia Sustapen Zerbitzuetara (Jubiloteka) hurbiltzera animatzen ditugu. Bertan, norberaren beharretara egokitutako autozainketa erraztu eta lagunduko dugu, bizitza aktibo, osasuntsu eta sozialki parte-hartzailea mantentzeko.
Izan ere, zahartzea ez da gelditzea, beste era batera bizitzea baizik…


