Apirilaren 8an sartuko da indarrean, eta kargatzeko prezioan %50eko hobaria izango dute udalerrian erroldatuta dauden pertsonek.
Uharteko Udalak, 2024/11/29ko Osoko Bilkuran, ibilgailuak elektrizitatez hornitzeko udal zutoinen zerbitzua nola erabili eta kudeatu arautzen duen ordenantza onartu zuen, eta 2025/3/6an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Ordenantza honek arautzen du nola birkargatu, aparkatzea hornidura bukatutakoan eta kontsumitutako energiagatik ordaindu beharreko prezio publikoa. Zehazki, 0,36€/kw-ko prezioa ezarri da eta udalerrian erroldatuta dauden pertsonentzat %50eko hobaria dago. Hobari hau jaso nahi duten erroldatuek udal bulegoetan eskatu beharko dute, bulegoetako ohiko ordutegian, edo bestela, eskabidea aurkeztu beharko dute egoitza elektronikoan. Aditzera ematen da altaren izapidea ez dela automatikoa izango, hobariaren eskatzaileen datuak egiaztatu beharko baitira; beraz, lehenbailehen egitea gomendatzen da.
Gaur egun, Uhartek kargatzeko 2 zutoin ditu (bi hartunekoa bakoitza): Perez Goyena kalea, 2an (Ikastetxe Publikoaren aurrean) eta Ugarrandia kiroldegiko aparkalekuan. Kontsumo horren truke prezio publiko bat ezartzeak zutoin horien erabilera orekatuko duela uste da.
Urrats berri honekin, Uharteko Udalak mugikortasun jasangarria eta ibilgailu elektrikoa sustatzen jarraitzen du, urte hasieran egin zuen bezala, ECO eta ZERO emisioko ibilgailu mota horientzako zirkulazioaren gaineko zergaren hobariaren bidez, eta KARKARCAR elkartearekin batera ibilgailu partekatuaren proiektua abian jarrita.