Uharteko Udalak, trantsizio energetikoa sustatzeko konpromisoan, hainbat neurri hartu ditu energia berriztagarrien erabilera eta kontsumoaren alde. Neurri horien artean, ibilgailuentzako elektrizitate-horniketa kargatzeko bi puntu bikoitz jartzea dago: bata kiroldegiko harmailetara sartzeko ateen ondoan, eta bestea ikastetxearen aurrean.
Ibilgailuak kargatzeko zutoin horien erabilera jasota dago Ibilgailuak elektrizitatez hornitzeko udal zutoinen zerbitzua nola erabili eta kudeatu arautzen duen udal ordenantzan, 2025/3/6an NAOn argitaratua.
Ordenantza honek birkargatzeko modua, hornidura bukatutakoan aparkatzea mugatzea eta kontsumitutako energiagatik ordaindu beharreko prezio publikoa arautzen ditu. Zehazki, 0,36 €/kW-ko prezioa ezarri da, eta udalerrian erroldatutako pertsonek %50eko hobaria izanen dute.
Hobari hau eskuratu nahi duten erroldatuek Udalaren bulegoetan eskatu beharko dute, bulegoetako ohiko ordutegian, edo erregistro elektronikoan, esteka honen bidez. Alta izapide hori ez da automatikoa izango, hobaria eskatzen duten pertsonen datuak egiaztatu beharko baitira.
Kargatzeko, EVcharge plataforman alta eman behar da, APPa mugikorrean deskargatu eta ordaintzeko metodoa aukeratu. Kontuz kontua sortzean! plataforman alta emandako erabiltzaileak eta autoaren titularrak bat etorri behar dute beti, nahiz eta matrikula bera duen beste pertsona batek ere alta eman dezakeen.
Honekin, Uharteko Udalak mugikortasun jasangarria eta ibilgailu elektrikoa sustatzen jarraitzen du, urte hasieran egin zuen bezala, ECO eta ZERO emisioko ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergaren hobariaren bidez, eta KARKARCAR elkartearekin batera ibilgailu partekatuaren proiektua martxan jarriz.

