Udalak 2025eko azaroaren 6an (osteguna) egindako ohiko osoko bilkuraren laburpena:
1.- Aurreko bilkurako akta onestea, 2025eko urriaren 16koa.
2.- Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzionala.
Aho batez onartu da Berdintasun arloak ‘Indarkeria matxista digitalak baditu ondorio errealak’ izenburupean aurkeztutako testua.
3.- Burlatako eta Atarrabiako Udalekin eta “HIRU HERRI” atletismo klubarekin dagoen hitzarmena berritzea.
Aho batez onartu da 2025-26 eta 2026-27 kirol denboraldietarako hitzarmena berritzea.
4.- Udal eraikinak garbitzeko kontratua bertan behera uztea: 2. lotea, esleipendunak kontratua ez betetzeagatik.
Aho batez onartu da Plazaldea udal eraikina garbitzeko kontratua bertan behera uztea eta enpresa esleipendunari zigorra ezartzea, zerbitzua behin eta berriz ez betetzeagatik eta langileei nominak ez ordaintzeagatik.
Ondoren, 9 botoko gehiengoarekin (EH Bildu, Geroa Bai eta PSN) eta 4 abstentziorekin (UPN eta PP), Uharte Kirola, SL enpresa publikoari kendutako kontratuaren garbiketa-zerbitzua emateko enkargua egitea onartu da, lan-araudiak eskatzen duen moduan zerbitzua ematen zuten langileak subrogatuz.
5.- 2025eko aurrekontuko 16. eta 17. Aldaketak onartzea.
Bi aurrekontu-aldaketa onartu dira aho batez: bata, Montepioetako gastuei buruzkoa, eta bestea, emandako diru-laguntza eta Izotz Jauregian egin beharreko inbertsioak jasotzeko, 350.000 euroko zenbatekoarekin.
6.- Lurralde kontribuzioaren gaineko zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala, hasierako onespena.
Aho batez onartu da familia ugarientzako, guraso bakarreko edo guraso bakarreko egoeran dauden familientzako eta kotizazio gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten pertsonentzako lurralde kontribuzioaren gaineko hobariak jasotzen dituen ordenantza. Eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemak instalatu dituzten etxebizitzek ere deskontuak izango dituzte.
Hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta indarra hartuko du jendaurreko epea bukatu eta ordenantzaren testua argitaratzen denean.
7.- 2026rako zergak, tasak eta prezio publikoak, hasierako onespena.
Aldeko 9 botorekin (EH Bildu, Geroa Bai eta PSN) eta 4 abstentziorekin (UPN eta PP), 2026rako zerga-tasak, tasak eta prezio publikoak onartu dira: %2ko igoera lurralde kontribuzioan, %0,2601etik %0,2653ra igaroz; %5eko igoera ehorzketen tasan eta Musika Eskolako tasetan; kirol zerbitzuko eta spako tasetan doikuntzak; eta %10eko jaitsiera hiri kanpaldietako tasetan.
Jendaurreko epea iragandakoan, 2026ko prezio eta tasa aplikagarriak behin betiko argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
8.- Alkatetzaren ebazpenen berri ematea.
9.- Emakumeen aurkako indarkeria guztien aurkako adierazpen instituzionala.
Osoko bilkura guztietan bezala, emakumeen aurkako indarkeria guztien aurkako adierazpen instituzionala irakurri da.
Hartutako erabakietan sakondu nahi izatera, ikusi bilkuraren bideo-akta