GURE JAIAK ETA FOLKLOREA
Uharteko bizilagunen kultur arduren artean, tradizio kulturalak eta jaiak egon dira beti; hitz batean esateko, herri bat komunitate bizi eta bateratua egiten duen identitate zeinu propioen bilatzea eta mantentzea, beretaz arro sentitzeko.
Ardura hori ez da nolanahikoa izan eta, zailtasunak zailtasun, beti izan dira taldeak gure arbasoek utzitakoa bizirik mantentzeko prest.
Gaur egun Ortzondo Dantza Taldea, Uharteko Gaitariak, Ardanbera Fanfarrea, Erraldoien Konpartsa, Txalaparta Tailerra edo Uharteko Zanpantzar Taldea nabarmendu ditzakegu.
Aipamen berezia merezi du Berdintasuna Kultur Elkarteak, duela 25 urte baino gehiago sortu zena. Elkarte honek euskal kultura, bere adierazpen ezberdinetan, biziberritzea eta bultzatzea du helburu. Biziberritu zuten, beste hainbeste jardueren artean, Olentzeroa, inauteriak… Herriko ondare historikoaren berreskurapenean eginiko lanagatik izan dadin Berdintasuna Elkarteak beste kultur taldeetarako eredu.
UHARTEKO EGUNA
2022an, Uharteko Eguna ospatzeari ekin zitzaion berriz ere, jatorriz Uharteko Eguna-Euskararen Eguna izan zena, eta kontzeptu zabalago batera aldatu dena, non herri anitz eta eskuzabal baten aberastasun kulturala ospatzen den. Herriko kultur ehun guztiak parte hartzen duen jai herrikoia da, eta Uharteko kultur talde guztiekin kalejira ospatzeaz gain, musika emanaldiak, bertako dantzak, herri bazkaria, herriko artisautza erakustaldiak, erakusketak eta abar egiten dira.
Egun hau maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran antolatu ohi da.
SAN JOAN SUAK
Udako solstizioaren etorrerarekin batera, San Joan bezperako ohiko ospakizuna ere iritsiko da Uhartera. Antzinean, Done Eztebe, Mina eta Portal kaleetako kuadrillek antolatzen zituzten suak, modu inprobisatu eta espontaneoan. 1995etik aurrera, Udalak San Joan suen ospakizunen antolaketaren lekukoa hartu zuen.
Orduz geroztik, urtez urte, Ugarrandiako aparkalekuan pizten den su handiak herriaren zati handi bat biltzen du. Guztion gozamenerako udalbatzak prestatzen dituen txistorra eta hirugihar ogitartekoak dastatzen dira, Urteko gaurik laburrena Los Pistatxosen musika animazioarekin ospatzen da, eta nola ez, sua piztuta.
UHARTEKO ANAITASUNAREN JAIA
Iraileko hirugarren astelehenaren aurreko larunbatean ospatzen dira Anaitasunaren Jaiak, gure zaindariaren ospakizunak, Andre Maria Zuriaren omenez, eta bederatzi egunez luzatu ohi dira (larunbatetik hurrengo asteko igandera).
Uharte Iruñerriko merkataritza-gune zuten ganadu-azoken usadio zaharra biltzen dute. Aldian-aldian egiten ziren, eta inguru osoko tratulari eta erosleen topagune izaten ziren.
Ekitaldi aipagarrienen artean, txupinazoa, Salbe tradizionala Andre Maria Zuriaren Abesbatzarekin eta Udalbatzarekin, prozesioa, Ferial plazan egiten diren herri bazkariak (saiheskia, kalderetea eta paellada). Egun horietan herri osoa biltzen da Ferial plazan bazkaltzera, txarangek girotuta.
Aipatzekoa da, baita ere, “Done Eztebeko jeitsiera”: gaiteroan doinuak dantzatuj Done Eztebe auzotik San Joan plazaraino egiten den ibilbidea. Herri kirola, kalderete-jatea, herriko dantzak, bigantxak, pilota partidak, mozorro dantzaldia, erraldoien bilketa, e.a. osatzen dute egitaraua.
OLENTZERO ETA ERREGEAK
Gabonetan ez dira inoiz falta Olentzero eta Errege Magoak. Olentzerori ongietorria Berdintasuna Elkarteak antolatzen du, kultur taldeekin elkarlanean, eta kalejira eta giro ona ez dira falta.
Munduko Argia elkarteak antolatzen du Errege Magoen kabalgata, eta urtez urte, kaleak magiaz betetzeko kabalgata prestatzen dute. Zalantzarik gabe, Gabonetako bi hitzordu saihestezinak dira.
SAN JOAN EBANJELARIA
Abenduaren 27an Hiribilduaren zaindariaren eguna da (San Joan Ebanjelariarena, alegia) eta hainbat jarduera musikalekin eta haurrei zuzendutako beste batzuekin ospatzen da.
UHARTEKO INAUTERIAK
Adineko herritarren ekarpenak eta gure iraganari buruz eginiko ikerkata lanak, inauterien festa-muina berreskuratzeko balio izan du. Uharteko historiako zenbait pertsonaia zahar ezagutzea eta berreskuratzea lortu da, hala nola:
- Tipulon: Tamaina handiko pertsonaia, landare-motiboz, hostoz eta tipula-txirikordez estalia. Boterea irudikatzen du.
- Txatxoak: Tipulon zaintzeko ardura dute.
- Minervak: Emakumezkoak protagonista ziren antzinako erlijio-jaietan dute jatorria. Inauterietan parte hartzeko berreskuratu ziren, ur-elementu bezala. Urez betetako baldeak eta eskuilak daramatzaten doluz jantzitako andreak dira, mozorrotuta ez dauden pertsonak uxatzeko.
- Kemakuloak: San Joan gaueko ohituretatik berreskuratutako pertsonaiak, aspaldian mutilak zintzilikatuta zeramatzaten tipula-txirikordei sua emaz jolasten baizuten. Su-elementu bezala berrresluratua, metalezko kuboak eramaten dituzte, eta barruan lasto hezea erretzen dute.
Pertsonaia guzti horiei, kultur talde ezberdinen parte-hartze gogotsuari eta herritaren eskuzabaltasunari esker, inauteriak festa bihurtu dute, kalea eszenatoki bihurtuz ongi pasatzeko.


