Uharteko erretiratuen elkarteak 2025eko aurrekontu parte-hartzaileetan Gizarte Integrazioan profesional bat kontratatzeko proiektu bat aurkeztu zuen, 2024an Udalak egindako zaintzei buruzko diagnostikoaren ondorioei jarraituz garatu beharreko Zainketen Estrategia Komunitarioan laguntzeko. Proposamenak 323 boto jaso zituen eta irabazlea suertatu zen.
Profesional honen zeregina da adineko pertsonei laguntzea, orientatzea eta haien gizarte-bizitza dinamizatzea, haien ongizatea, autonomia eta komunitatean parte-hartze aktiboa bultzatuz. Udal-, osasun- eta gizarte-baliabideekin koordinaturik lan egingo du hurbileko laguntza-sare bat sortzeko, eta, horretarako, beharrak detektatuko ditu, kudeaketetan laguntza eskainiko du eta bizi-kalitatea hobetuko duten eta nahi ez den bakardadeari aurrea hartuko dioten jarduerak sustatuko ditu.
Gizarte Integrazioko proiektu hau gauzatu ahal izateko, Udalak kanpoko kontratazio bat lizitatu du, eta TRANSFORMFORMA, irabazi asmorik gabeko Gizarteratze eta Laneratze Enpresa, izan da esleipendun.
Maiatzaren 18an, astelehena, Imanol Alvarez Uharteko Jubilatuen Elkarteko bulegoetan, behin-behinean, hasiko da zerbitzua ematen.
Lehen etapa honetan, udalerriko baliabide desberdinak ezagutzea eta guztion artean adinekoen sare bat ehuntzen hastea izango da bere lanaren ardatza.
Proiektuaren garapenari eta martxan jarriko diren jarduerei buruzko informazioa ematen joango gara.