Iruñerriko hainbat udaletan egoera soziolinguistikoa zein den aztertzera doaz Aranguren Ibarreko, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Esteribarko, Uharteko eta Zizur Nagusiko udalak. Horretarako, aurrez aurre edo telefono bidezko inkesta bat eginen zaie herritarrei, ausaz aukeratutako biztanleriaren lagin bati. Bilbon kokatuta dagoen Ikerfel enpresak eginen ditu deiak, apirila amaieratik hasi eta maiatzean zehar. Euskara zerbitzuek telefonoa hartzeko eta galderei erantzuteko eskatu nahi diete herritarrei. 10 minutuko inkesta bat da eta erantzunak erabat anonimoak izanen dira.
Ikerketa honen bitartez, euskararen ezagutzaren, transmisioaren, erabileraren eta hari buruzko pertzepzio eta iritzien inguruko datu estatistikoak bildu nahi dituzte udal horiek. Guztira 3.144 inkesta egitea aurreikusten da. Horretarako, behar-beharrezkoa izanen da herritarren parte-hartzea eta erantzun-maila handia.