Albisteak > Nork zaintzen du Uharte?

Nork zaintzen du Uharte?

GAZTERIA, ZAINTZA LANAK ETA ERANTZUNKIDETASUNA, NORK ZAINTZEN DU UHARTE?

 

Ugazten, aurtengo Martxoak 8-Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, panel baten bitartez galdera interesgarri batzuk egin dizkiegu lokaletik pasa edo gure sare sozialetatik harremanetan egon diren gazte Uhartearrei. Galdera horiek zaintza lanen inguruan eta haien garrantziari buruzko hausnarketa egitera bultzatu gaituzte: beharrezkoak al dira zaintzak?, nork zaintzen gaitu?, nola? eta guk, inguratzen gaituzten pertsonak eta mundua zaintzeko ohitura dugu?

Bildu ditugun erantzunak kontuan hartuta, gure herrian ere munduko txoko desberdinetan errepikatzen den dinamika antzekoa dugula ohartu gara: zaintza lanak orokorrean emakumeen ardurapean daude oraindik.

Gazteen erantzunek azaleratzen dutenez, gehienetan emakumeak dira etxeko lanen ardura dutenak, gaixo gaudenean zaintzen gaituztenak, besarkada gehien ematen dizkigutenak, institutuko bileretara agertzen direnak eta triste gaudenean lasaitzen gaituztenak. Hori bai, aisialdiko jardueretara laguntzeko eta momentu alaiak konpartitzeko ez dira genero aldetik desberdintasunik antzeman gazteen erantzunetan.

Honen aurrean, gazteek argi dute: zaintzak beharrezkoak ditugu bizirauteko eta, noski, zaintza guztion ardura da. Elkar zaindu behar dugu, erantzunkidetasuna bermatuz.

Ez hori bakarrik, bildutako erantzunen bitartez bestelako ondorio batera heldu gara: ez da nahikoa gure artean elkar zaintzearekin, bizi garen mundua ere zaindu behar dugu, natura eta honek eskaintzen dizkigun baliabideak zaindu behar ditugu. Guztion artean Uharte zaindu behar dugu.