Albisteak > Nork zaintzen du Uharte?

Nork zaintzen du Uharte?

ZAINKETEN, ERANTZUNKIDETASUNAREN ETA KONTZILIAZIOAREN ALDEKO TOKIKO ITUNA, NORK ZAINTZEN DU UHARTE?


2007an Uharteko Udala Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuak sustatutako kontziliaziorako Tokiko Itunen programari atxiki zitzaion. Une horretan, zerbitzu eta baliabide batzuk garatzen hasi ziren Uharteko herritarren bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa uztartzea errazteko. Hala ere, azken urteotan, zenbait zerbitzu finkatu ondoren, Tokiko Ituna ez da kontziliazioaren arloko ekintzetara mugatzen.

Gaur egun, helburu zabalagoak sustatzen dira, arreta kontziliazioan jartzeaz gain, zaintza lanek herritarren ongizaterako duten balioa ikusaraztearen garrantzian eta bizitzako esparru guztietan erantzunkidetasuna sustatzean jarrita. Horregatik guztiagatik, Berdintasun Zerbitzua lanean ari da Uharteko Tokiko Itunaren biziberritzea sustatzeko, egungo premiekin bat etorriz eta herriko eragileen inplikazioa sustatzen saiatuz, batez ere Tokiko Ituna sinatu zen unean Itun horretan parte hartu zuten erakundeena.

Horrela, "Zainketen, erantzunkidetasunaren eta kontziliazioaren aldeko Tokiko Ituna, Nork zaintzen du Huarte?" Izeneko irudi identifikatzailea egin da, zainketek herritarren ongizatean eta herriaren garapen jasangarrian duten garrantziagatik.

Uharteko zainketen, erantzunkidetasunaren eta kontziliazioaren aldeko Tokiko Ituna eta irudia ikusarazteko, informazio liburuxka bat egin da, eta herritarren eskura dago hainbat espazio publikotan. Liburuxkak, Tokiko Ituna zer den azaltzeaz gain, zenbait jarraibide jasotzen ditu, familia ardurak eta etxeko zaintza modu bidezkoan banatzeko, Uharteko familien artean erantzunkidetasuna sustatzeko helburuarekin. Izan ere, berdintasunaren arloan aurrerapenak lortu diren arren, errealitateak erakusten du gaur egun ere emakumeak direla zaintza-lanen arduradun nagusiak.

Ildo horretan, Berdintasun Zerbitzuak zaintza lanak ikusarazteko eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko ekintzak bultzatzen jarraitu nahi du. Ardurak, lanekoak zein familiakoak, pertsona guztiei dagozkigu, eta, beraz, banaketa bidezkoa izan behar da, guztiok gozamen pertsonalerako denbora izan dezagun.

 
Klik egin handitzeko